XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nekez, aurpegi horretatik, nire begiak urrun nitzazkeen... Haatik, meza zikin hark nik so egitekoa bazuen: zurezko aldare bat, lur hutsean ezarria; bilgien hegi-hegian motz-motz, lau ezko; ororen gainetik, Kristo bat, bere odol margo bipilduarekin.

Berriz ere, oihal xuriaren azpian makurtutako aurpegi horretara nire begiak joaten ziren...

Boz mehez apezak salmoak kantatzen zituelarik, ezker aldean, koroa mugatzen zuen zur gorrizko zerrailuaren kontra finkatua, atorra zikin eta galtz morroskoekin, Indiano batek inarroska organo batetako biradera itzulikatzen zuen.

Bainan Añarrosaren orrazearen bila nindoan... Organoak, emeki, hots iraunkor batzu sudurretik bezalakoak botatzen zituen, eta berehala akordeak zirimolatzen ziren; edo, hots mehe dardarikatu akitu bakar bat zen, hazilaren arrats lainotsuetako Europako karriketan kantatzen zuten organoak oroit arazten zizkidanak.

Bihotza orduan hertsatzen zitzaidan.

Indianoak, gogoa erautzirik, lurra harrapuluxkatzen zuen, oin hutsekin.

Lehen aldikotz neska xarnegua ikusten nuen, bainan zeta beltzezko gona zabaletan - denak xori-lili hiriko andre zurrundutakoek baino gehiago hunkitzen ninduen.

Haiek bezala, Añarrosak meatilla estalgi luzea zuen, zati bat buruaren gainean itzulirik, kapusailaren ordain.

Gerria aldiz mehatxa zuen, baita esku beltz-hori luzeen mehetasuna hunkigarria ere.

Miranha indiana baten alaba zela banekien, eta guztiz, Sao Joampacirc;o do Principe-raino Misioneari segituko zitzaiola eta hilabete luze batzutan elgarrekin biziko ginela.